Se ha terminado

Madrilen bizi nintzen lagun on bati Lena Dunham-en Girls ezagutzen ez nuela lasai-lasai esan nionean. Duela hiru urte inguru. Nola izan emakumea, zinemagilea, telesail kontsumitzailea eta nola ez ezagutu Girls?

Handik gutxira hasi nintzen telesaia ikusten. Nik 28 nituen, telesaieko protagonistek hogeita gutxi. Laster ikusi nituen hasierako denboraldiak eta azkar hazi ziren girls-ak. Beraiek ere 28 urte bete zituzten bat-batean. Hortik aurrera batera egin dugu hogeita hamarretarako bidea. 

Konplexua izan da ibilaldia. Hasieran ez nuen protagonistekin kontektatzea lortu. Arazorik ez duen New Yorkeko neska talde harekin ez nuen enpatizatzen. Gogorra egiten zitzaidan Hannah protagonista ulertzea. Mingarria egiten zitzaidan beraien gaztetasuna, askatasuna eta berekoikeria. Zentzugabeko joan-etorriak. New Yorkeko lelokeriak.

Hala ere, telesaia ikusten jarraitu nuen astero.

Lehengo egunean Girls-en azken kapitulua ikusi nuen. Ezustean, hutsune sakon bat igarri nuen. Amaitu ziren girls-ak eta beraiekin batera, beraien zorokeriak, zentzugabeko istorioak, azalkeria, freskotasuna eta berekoiak izateko askatasuna.

Orduan konektatu nuen lehenengoz, girls guztiekin eta Hannah-rekin.

Neure burua ikusi nuen, gazte, zoro, fresko eta mundua jateko prest New York erdian, Salomon botak eta kanpai prakak jantzita. Kalera irten eta egunak zer ekarriko zidan ez nekien garaian. Neu ere, lelokeriak egiten, nerekoia izaten, ez nituen arazoetaz arduratzen. Aske eta hala ere, askatasun gosez. Segunduak irensten. Mundua bera ere irensten. Gazte. Girl.