ZINEMALDIKO OROITZAPENAK

Aste hauetan zehar Donostiako Zinemaldiaz ditudan oroitzapen batzuen inguruan idatziko dut.

Aurten Un Otoño sin Berlín filma estreinatu dugu bertan, eta gauza asko gertatu zaizkigu, horietako batzuk oso politak. Begitazio bat bailiran hegan desagertu ez daitezen eta gertatutakoa ezagutu dezazuen, hitz batzuk utzi ditut hemen.

Zinemaldia 2015eko OROITZAPENAK. #1

Tarte bat Séptimo Vicio irratsaioan.

Irailak 22. Aktoreak iritsi dira, eta zoro moduan korrika goaz hara eta hona elkarrizketak egitera. Gogorra izango dela argi daukat, baina gure prentsa arduraduna den Sonia Uriak maratoi batean bilakatzen du. Hari-haritik lortu dugu toki guztietara heltzea. Kazetariek asko zaintzen gaituzte, ondo tratatzen gaituzte, kamera eta mikroen aurrean gauden segundo bakoitzarekin disfrutatzen dugu.

ETB-ko informatiboetarako elkarrizketa bat egin eta gero, zeinekin nire aitite eta amama pelikularena egia dela eta euren biloba Donostian zeozertan badabilela konturatzen diren, RNE-ren eraikinera abiatzen gara korrika batean Tolentino izeneko tipo batengana. Ni, izenekin oso traketsa naizela, ez dakit ezta nor den ere. Bertara iristen gara. Aurkezten naute, aktoreek euren burua aurkezten dute eta eseritzen gara. Bere aurpegia ez zait ezaguna iruditzen, bere ahotsa, pixka bat bai.

Kaskoak jartzen ditugu eta gure pelikularen trailerra entzuten hasten gara, ondoren Marlangoren kanta bat dator. Oraindik ez dugu mikrofonotik zehar hitzik esan, ez dakit zein programatan nagoen ere. Momentua iristen den arte. Abestia gelditu eta Tolentino jauna hizketan hasten da. Kaskoetatik zehar entzuten dut, entzungailu eta mikrofonotik zehar ahotsa aldatzen du, dagoeneko ez da ezesagun bat... Séptimo Vicio irratsaioan nago! Flashback batek nire autoko eserlekura naramatza non hainbestetan programa hori entzun dudan, eta gutxigatik ez naiz aulkitik erortzen. Bitartean Tolentinok galdera bat egiten dit, ahal bezala erantzuten diot nik. Oraindik pozez saltoka nabil, amets bat bete dut eta... Ezin dut sinetsi gustukoen dudan zine-irratsaioan Un Otoño sin Berlín filmaz hitz egiten ari naizenik... Halaxe nabil lasaitzen naizen arte, eta Irene Escolar, Tamar Novas, Javier Tolentino eta lauron artean elkarrizketa polit eta berezi bat egitea lortzen dugu.

Hemen duzue entzungai, 21. minututik aurrera: Séptimo Vicio.

Aurretik Barbara Goenaga Pikadero filmaz ari da, beraretzako pelikula horrek duen esanahiaz, eta hain jatorra denez, plazer handia da bera ere entzutea, beraz, denbora izanez gero, nik irratsaio osoa entzungo nuke. Zuek ere guk bezainbeste gozatzea espero dugu.