«20.000 especies de abejas» filmak hiru Goya sari lortu ditu

11 Ots 2024

Estibaliz Urresola Solagurenek idatzi eta zuzendutako lehen film luzeak, 20.000 especies de abejas lanak, hiru Goya sari irabazi ditu asteburu honetan Espainiako Zine Arte eta Zientzien Akademiak joan den larunbatean, hilak 10, Valladoliden antolatutako galan: Zuzendari berri onenaren saria eta Jatorrizko gidoi onenaren saria Estibaliz Urresolarentzat, eta Taldeko emakumezko aktore onenaren saria Ane Gabarainentzat.

Hiru sari hauek azken egunetan jasotako beste aitortza batzuei gehitzen zaizkie. Duela urtebete Berlinen izandako mundu mailako estreinaldiaz geroztik hasitako ziklo oparoa borotzen da horrela; bertan, Sofía Oterok Antzezpen nagusi onenaren Zilarrezko Hartza lortu zuen. Horrez gain, hiru Gaudí sari bereganatu ditu (Katalana ez den hizkuntzako film onena, Zuzendari berri onena Estibaliz Urresolarentzat eta Argazki onena Gina Ferrerrentzat) bai eta Zuzendari errebelazio onenaren saria ere Estibaliz Urresolarentzat Zinemako Idazleen Zirkuluaren Dominen 79. edizioan.

Gariza Films-en ekoizpena eta Inicia Films-ekin egindako koprodukzioa den lan hau, gainera, aurrehautatuta dago Platino Sarien 11. edizioan, Fikziozko Iberoamerikako Film Onenaren kategorian. Gala hori apirilaren 20an egingo da Mexikon. Era berean, Ane Gabarain bigarren mailako emakumezko aktore onenaren sarirako izendatuta dago Aktoreen Batasunaren Sarietan (Unión de Actores y Actrices), zeinak martxoaren 11n ebatziko diren.

Beste alde batetik, 20.000 especies de abejas Europako Zine Akademiaren Sarietarako izendatuta dago European Discovery – Fipresci 2023 kategorian, bai eta Europako Ikusleen LUX Zine Sarirako ere (2024); azken honen gala Europako Parlamentuan egingo da datorren apirilaren 16an.

Aretoetan ia 200.000 ikusle izanda, asteazken honetan, otsailak 14, estreinatuko da filma Frantziako zinema-aretoetan.