‘20.000 especies de abejas’ (Estibaliz Urresola), Berlinale Market-erako hautatutako proiektu nazional bakarra

2 Ots 2022

Gariza Films eta Inicia Films ekoiztetxeen ekoizpen berria, ‘20.000 especies de abejas’, 2022ko Berlingo Zinemaldiko koprodukzio azokako hautaketa ofizialean aukeratutako 19 proiektuetako bat da. Guztira izena eman duten 295 proiektuen artean, Espainiako ordezkaritza bakarra izango da.

Berlinale Co-Production Market industriako koprodukzio fororik garrantzitsuena da, eta Berlingo Zinemaldiaren barruko European Film Market-en parte da, Europa Creativa MEDIA eta Mitteldeutsche Medienförderung (MDM) erakundeen babesarekin.

Estibaliz Urresolaren lehen film luzeak 2021eko Industry Tallinn & Baltic Events topaketan parte hartu zuen —bertan Script Poll Film Award saria lortu zuelarik—, bai eta Thessalonikiko Nazioarteko Zinemaldiko Koprodukzio Foroan ere, non 2|35 Post-Production Award saria eskuratu baitzuen. Gainera, Televisión Española, ICAA, ETB eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du, besteak beste.