“Cuerdas” bere azken film laburrarekin Cannesko Zinemaldiko Kritikaren Astean Les Rails D’or saria jaso ondoren, Estibaliz Urresolak aste honetan ekin dio Euskal Herrian bere lehen film luzea den ‘20.000 ESPECIES DE ABEJAS’ lanaren filmaketari. Azken bi film laburrekin (“Cuerdas” eta “Polvo Somos”) lortutako arrakastaren ondoren —azken honek nazioarteko zortzi sari ditu, horien artean Malagako Zinemaldiko bi Zilarrezko Biznaga—, zuzendari euskaldunak film luzeetarako jauzia egin du.
Filma zazpi astez filmatuko da Euskal Herriko hainbat eremutan: Laudion eta Hendaian.

“20.000 ESPECIES DE ABEJAS” filmeko aktoreen artean daude PATRICIA LÓPEZ ARNAIZ (Ane), ANE GABARAIN (Patria), ITZIAR LAZKANO (La víctima número 8), MARTXELO RUBIO (Allí abajo), SARA COZAR (Goenkale) eta MIGUEL GARCÉS (Intimidad). Hainbat laborategi eta nazioarteko merkatutan parte hartu du; esaterako, Thessalonikiko Nazioarteko Zinemaldiko Crossroad Co-Production Forumean (non 2|35 Post-Production Award saria irabazi zuen), Industry Tallinn & Baltic Events topaketan (Script Pool Film Award saria jasotaz), Berlinale Co-Production Market-ean eta Les Ateliers, Primers Plans D’Angers-en.
Gidoiaren jatorria Gariza Filmsek antolatutako “Una habitación Propia” Egoitza Artistikoetan dago. Ondoren, Zineuskadiko Noka eta ECAMeko La Incubadora programetan garatzen jarraitu zuen, besteak beste.
GARIZA FILMSek (Nora) eta INICIA FILMSek (Estiu 1993, Las Niñas) ekoitzi dute. BTEAM PICTURESek zinema-aretotan banatuko du 2023an.
Estibaliz Urresolaren hitzetan: “Aniztasunaren balioa filmaren hainbat adierazpen-eremutara eraman nahi dut: familia-erlea ruina osatzen duten emakumezko pertsonaien aniztasunera; eusten gaituzten sinesteetara; sentitzeko eta maitatzeko moduetara; gure mugako hizkuntza-aberastasunera. Lurra eta naturarekin hain lotuta dagoen esparru honetan, transexualitatea bizitzako beste aniztasun-adierazpen bat bezala aurkeztu nahi dut. Eta guzti hau Lucíaren bidez eta ikusleoi helarazten dizkigun galdera sinple baina konplexuen bidez.”
“20.000 ESPECIES DE ABEJAS” filmak RTVE, EITB, TV3 eta MOVISTAR+ kateen parte-hartzea du, EUSKO JAURLARITZA eta ARABAKO FORU ALDUNDIAren babesa, eta ICAAren finantzaketa.
