Estibaliz Urresolaren bosgarren film laburrak, CUERDASek, ‘Le Rails d’or’ saria lortu du. Frantziako Ceux du Rail trenbide-elkarteko kide zinefiloek 1995etik Kritikaren Astean programatutako film labur nahiz luzeei ematen dieten ohorezko aitorpena da.
CUERDASen kasuan, Ceux du Rail elkarteak azaldu duenez, film honek “Ken Loachen zinemaren unibertsoa dakar gogora, protagonistak osatzen dituzten abesbatzan bizi den dilemari arreta berezia eskainiz, zabaltasunez eta sakontasunez kontatua”.
CUERDASek Canneseko Zinemaldiko Kritikaren Astearen 61. edizioan izan zuen mundu mailako estreinaldia, eta guk ez genuen galdu nahi izan. Horregatik, Katz Estudioko Ana Angulorekin batera, Estibaliz eta antzezleen zati bat lagundu genituen zinemaldira.
Arabako Foru Aldundiaren laguntzari esker antolatu genuen Canneserako bidaia. Bilbotik minibus batean atera ginen zortzi emakume eta Miguel Garcés ilusio handiz, eta hamabi orduko bidaiaren ondoren iritsi ginen Frantziako hirira; bertan Esti eta Begoña zitzaizkigun zain abentura hasteko.
Estreinaldi eguneko goizean, abesbatzako emakumeek saio txiki bat egin zuten Nespresso Beachen. Zinemaldiko egunak opari bat izan ziren guztientzat.
