Lara Izagirre Garizurietaren seigarren film laburrak, ‘El regalo’k, bere ibilbide geldiezinarekin jarraitzen du eta joan den asteburuan Film Labur Onenaren Saria irabazi du Berlingo Ake Dikhea Zinemaldiaren 9. edizioan, urriaren 9tik 12ra bitartean Alemaniako hiriburuan ospatua. Epaimahaiaren iritziz, “ahizpatasuna, maitasuna eta emakume ijitoen eguneroko borroka ospatzen dituen film poetiko eta samurra” aitortzen du sari honek. Gainera, hiru protagonisten lana ere azpimarratu dute.
Aitortza honek proiektu honen ibilbide zabala finkatzen du, bai estatu-mailan, bai nazioartean. Urria hasi zenetik, Berlingo Ake Dikhea Zinemaldiaz gain, ‘El regalo’ Ponferradako Zinemaldian eta Talavera de la Reinako Zine Jaialdian (Pávez Sariak) proiektatu da —azken urteotan estatuko film laburren jaialdi ezagunenetako bat bihurtu dena eta Zinemaren Akademiak Goya Sarietarako jaialdi kalifikatzaile gisa aitortua duena—.

