Lara Izagirren «El regalo» filmak Cinema Joven izango du mundu mailako estreinaldia

28 maiatza 2025

Lara Izagirre Garizurietaren seigarren film laburrak, ‘El regalo’k, ekainaren 26an izango du mundu mailako estreinaldia Cinema Jove – Valentziako Nazioarteko Zinemaldiaren 40. edizioaren Sail Ofizialean. ‘EL REGALO’ Lara Izagirreren bigarren proiektua da AMUGErekin (Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartea), Donostiako Giza Eskubideen Jaialdian ‘Empoderío’ dokumental luzea estreinatu ondoren. Cinema Jove Valentziako hiriburuan egingo da, ekainaren 19tik 28ra bitartean.

Filma 16 mm-tan filmatu da, urrian Bilboko Gran Vian eta Otxarkoagan, eta benetako gertaeretan dago oinarrituta. Opari bat erosi nahi duten hiru emakume ijitoen istorioa kontatzen du, Aurora Cortés, Samara Jiménez eta Desirée Claveríak antzeztua. Gariza Films euskal ekoiztetxeak ekoitzi du eta Agencia Freak-ek banatzen du; Eusko Jaurlaritzaren eta Zine eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) laguntzak ditu; Bilboko Udalaren eta Bilbao Bizkaia Film Commission-en babesa; eta AMUGE (Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartea), BBK Sala eta Noma Acting-en lankidetza. Gainera, film laburra urteko euskal film labur onenak sustatzen eta zabaltzen laguntzen duen Kimuak 2025 programaren parte da.

Aktore-taldea honako hauek osatzen dute: Ane Pikaza, Aitor Borobia, Tessa Andonegi, Garoa Bugallo, Adrián Santos, Erik Probanza, Xanti Agirrezabala, Jon Ander Urresti Ugalde, Sheila Aguilar eta Mari Mar García.