Lara Izagirre Garizurietaren «El Regalo» film laburra urteko 15 film labur onenen artean dago.
«El regalo»k mundu mailako estreinaldia Valentziako Nazioarteko Zinemaldiko (Cinema Jove) 40. edizioan izan zuen. Gainera, ibilbide oparoa du, eta nazioartean zein estatu mailan jaialdi ugaritan parte hartzera eraman du. Estatu mailan, film laburrak Pávez Sarietan eta Palentzia, Malaga, Skyline, Huesca, Fascurt, Cerdanya, Elx, Teuladako Mostra Curts de Moscatell eta Navarra International Film Festival jaialdietan parte hartu du. Nazioartean, berriz, Cinema Jove, Bogoshorts edo Guadalajara bezalako jaialdietan egon da.
Ibilbide horretan, «El regalo»k hamar bat sari jaso ditu:
· Film labur onena | AKE DIKHEA? Ijito Zinemaren Nazioarteko Jaialdia · EITB Ikusleen Saria | ZINEBI · Film Labur Onena | Be Free Festival · Nazioarteko Film Labur Onena | Short Fest · Aipamen berezia | 29. IFF ZOOM-ZBLIŻENIA · Fikziozko film labur onena | Skyline Benidorm film festival · Epaimahaiaren aipamen berezia antzezle-taldeari | Skyline Benidorm film festival · Aipamen berezia | 9º Porto Femme – International Film Festival · Epaimahaiaren aipamen berezia | Gaztela-Mantxako Gizarte Zinemaren Nazioarteko Jaialdia · Fikziozko Film Labur Onena | Navarra International Film Festival · Euskal film labur onena | Donosskino Film Festival · Film Labur Onena | Hendaia Film Festival
Lara Izagirrek, Gariza Filmseko zuzendari, gidoilari eta ekoizleak, azaldu duenez: «oso pozik eta harro gaude azken urte honetako hamabost film labur onenen parte izateaz. Emozionatzen gaitu hautagaitza honetan Euskal Herria ordezkatzeak, euskal ijito emakumeak protagonista dituen eta Gariza Filmsek ekoiztutako fikziozko film labur erabat euskaldun bakarra baikara. Hona iristea opari bat da eta amesten jarraitu nahi dugu: ibilbide hau Iruñean ixtea. Eskerrik asko bihotzez AMUGE elkarteari, Otxarkoagako euskal ijito emakume guztien lankidetzari, lantalde tekniko eta artistiko osoari, eta ‘El regalo’ hautatu eta ikusgarritasuna eman dioten jaialdiei. Gainera, film laburra zinema-aretoetan estreinatu ahal izatea benetako ametsa da».
