«El regalo» lana saritua izan da ZINEBIn eta nazioarteko ibilbidearekin jarraituko du Bogotán

1 Abe 2025

Lara Izagirre Garizurietaren seigarren film laburrak, El regalok, bere ibilbide geldiezinarekin jarraitzen du. Azken egunotan, EITB Ikusleen Saria jaso du Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiaren (ZINEBI) 67. edizioan.

ZINEBIn lortutako arrakastaren ondoren, El regalo lanak nazioarteko bideari eusten dio eta aste honetan bertan Bogotáko Bogoshorts Zinemaldian aurkeztuko da, Fikziozko Nazioarteko Sailean. Lehiaketa abenduaren 2tik 9ra bitartean ospatuko da Kolonbiako hiriburuan.

Lara Izagirren film laburrak bi emanaldi izango ditu Bogotán: lehenengoa ostegun honetan izango da, abenduaren 4an, 19:00etan Bogotáko Zinematekako 3. aretoan, eta bigarrena abenduaren 9an, asteartea, 15:00etan Centro Áticon. Lara Izagirre Bogoshorts jaialdian izango da Nazio mailako Sail Ofizialeko epaimahaikide gisa, Laura Mora zuzendariarekin (Reyes del mundo) eta Enrico Vannucci Locarnoko Zinemaldiko programatzaile azpimarragarriarekin batera.