‘20.000 especies de abejas’ filma koroatu dute Feroz Sarietan

27 Urt 2024

Estibaliz Urresolaren lehen lanak, Gariza Films euskal ekoiztetxeak ekoiztutako ‘20.000 especies de abejas’ filmak, nagusitasun osoz irabazi du Feroz Sarien hamaikagarren edizioan, bi sari jasota:

– Dramazko Film Onenaren Saria.

– Film bateko Taldeko Emakumezko Aktore Onena: Patricia López Arnaiz.

“Zine egitea talde-lana da, eta sari hau taldeko pertsona bakoitzarena da, emakumeek gidatutako lan-talde bikaina izan baita”, eskerrak eman zituen Lara Izagirre ekoizleak Dramazko Film Onenaren Saria jaso ostean. Horrez gain, Izagirrek onartu zuen egun politak izaten ari direla talde osoarentzat filmari esker sariak eta izendapenak jasotzen; hain zuzen ere, Feroz Sarien ekitaldiaren goizean bertan, Larak Spain Film Commission sari bat jaso zuen, ‘20.000 especies de abejas’ lanagatik 2023ko Ekoizpen Onenaren saria alegia.

Sari-garaiaren hasiera honetan, film luzeak bi Forqué sari jaso zituen joan den abenduan (Film Onena eta Balioetan Oinarritutako Zinema eta Hezkuntzaren Saria), eta Goya sarien (15 izendapen) zein Gaudí sarien (9 izendapen) zain dago orain.