Nerea Sciarraren «Pomo d’oro» lanak Aipamen Berezia lortu du Huescako Jaialdian

17 Eka 2025

Nerea Sciarraren «Pomo d’oro» lanak Aipamen Berezia jaso du Huescako Nazioarteko Jaialdiaren 53. edizioan; prestigio eta antzinatasun handieneko estatuko film laburren lehiaketako bat da hau, eta Oscar nahiz Goya Sarietarako jaialdi kalifikatzailea. Filma Iberoamerikako Sail Ofizialean lehiatu da. Jaialdia ekainaren 6tik 14ra bitartean ospatu da Huescan.

Lehiaketako zuzendarien hitzetan, «Pomo d’oro» lanari aitortza egin zaio “ahizpatasunaren balioa erakusteagatik eta familia-herentziari nahiz zaintzei buruzko giza hausnarketa batera gonbidatzeagatik, arlo artistikoan eta sentsorialean ederki tratatua”.

Huescatik igaro ondoren, «Pomo d’oro» ekainaren 17an eta 24an ikusi ahal izango da Gasteizen eta Donostian, hurrenez hurren. Filma Aukera programaren ordezkaritza gisa aukeratutako film laburretako bat izan da, eta Euskal Emakume Zinemagileak zikloaren V. edizioaren barruan programatuko da.