‘Pomo d’oro’, Nerea Sciarraren film laburra, ZINEBI 66n estreinatuko da

2 Abe 2024

Nerea Sciarraren lehen film laburra, ‘Pomo d’oro’, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiko Bertoko Begiradak sailean estreinatuko da.

Gariza Films eta Katz Estudioren ekoizpena da, eta Paglietan (Italia) filmatu zen joan den urteko abuztuaren 3a eta 6a bitartean. Antzezleen artean Naiara Carmona (Irene), Nikole Gisasola (Nella), Thelma Estivalez (Maca) eta Maria Luisa D’Amico (Doriana) daude.

Lokalizazio bakarreko film laburra da, Di Lallo familiaren etxean filmatua, garai batean “Mulino di Lallo” izenaz ezagutzen zena. Historia handiko lekua da; izan ere, 2019ra arte irina ekoizten zuen inguruko errota handienetako eta garrantzitsuenetako bat izan zen. Italiako familia gehienetan gertatzen den bezala, Di Lallo familiak ere tradizio ugari zituen, eta garrantzitsuenak tomatearen eguna eta “alla mugnaia” pasta freskoa ziren.

Film laburrak (H)emen emakume zinemagileen elkarteak bultzatutako AUKERA programaren lehen edizioan, Hemendik programan eta ETXE BETEAk bultzatutako Elkarrekin Sortzen proiektuaren lehen edizioan parte hartu zuen. Gainera, proiektuak Eusko Jaurlaritzaren eta Getxoko Udalaren laguntza du.