‘Ya no duermo’ eta ‘Polvo somos’ film laburrak Malagako Zinemaldiaren Sail Ofizialean estreinatuko dira 2021ean

2 Eka 2021

Gariza Filmsek ekoitzitako bi film laburrak —Marina Palacioren ‘Ya no duermo’ eta Estibaliz Urresolaren ‘Polvo somos’— Malagako Zinemaldiko Sail Ofizialean hautatu dituzte, eta ekainaren 4an eta 5ean proiektatuko dira.

‘Ya no duermo’, Marina Palacio zuzendariak zuzendutako eta Gariza Filmsek Elías Querejeta Zine Eskolaren laguntzarekin ekoitzitako film laburra da. Marina Palacioren film laburra Kimuak 2020 sailean hautatu zuten, eta Donostiako Zinemaldiaren 68. edizioan estreinatu zen Zabaltegi-Tabakalera sailean. Orain arte nazioarteko 18 zinemalditan parte hartu du, eta bi sari lortu ditu Alcalá de Henaresko Alcine Zinemaldian: Argazkigintza Onenaren Saria eta Gizonezko Aktore Onenaren Saria.

‘Ya no duermo’ ekainaren 5ean, larunbata, proiektatuko da Malagako Zinemaldiaren egitarauaren barruan, Malagako Albéniz Zinetan, 19:30ean.

‘Polvo somos’ Estibaliz Urresola gidoilari eta zuzendariaren azken film laburra da. Film laburrak bi sari lortu zituen Bilboko Zinebi Zinemaldiaren azken edizioan Sail Ofizialean estreinatu zenean: SGAE Fundazioaren Euskadiko Kontseiluaren Gidoi Onenaren Saria eta Euskal Film Labur Onenaren Sari Nagusia. Horrez gain, Arabako Film Labur Onenaren Saria jaso zuen Cortada Zinemaldian, eta Film Labur Onenaren Saria Euskal Zine Astean.

‘Polvo somos’ ekainaren 4an, ostirala, proiektatuko da Malagako Zinemaldiaren egitarauaren barruan, Malagako Albéniz Zinetan, 19:30ean.

Zorionak eta zorte on neskak!